21. KORRIKA BADATOR!

Gero eta gutxiago falta da; 21.KORRIKA BADATOR, AURKEZPENA ZUZENEAN, ADI!

Gares eta Gasteiz lotuko ditu 21.KORRIKAk, euskararen alde “Klika” egiteko.

AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du KORRIKAk 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean. «Klika» da hautatutako leloa: euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia. Txillardegi omenduko dute edizio honetan, kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan… ekarri zuen aldaketa aintzat hartuta.

KORRIKAren 21. edizioa aurkeztu dute AEK eta KORRIKAren arduradunek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa, Gares abiapuntu eta Gasteiz helmuga hartuta. Gasteizen bertan jakingo da KORRIKAren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea.

AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikaren esanetan, KORRIKAk hasierako helburu bikoitzari eusten dio: babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Ildo horretan, euskaltegiei bideratzen zaizkien baliabideak oraindik «ez nahikoak» direla esan du Mugikak, aurrerapausoak izan direla aitortu badu ere.

Hiztunen aktibazioaz ere mintzatu da Mugika: «Ezinbestekoa da helduen espazioek euskaraz funtzionatzea». AEKren helburua euskaraz bizitzea izanik, erronka globaltzat hartzen dute, eta horretan ari dira hasi berri den ikasturtean. Euskaraldia ariketa soziala ere gogoan izan du: «Zinez sinesten dugu euskaltegietan, mintzapraktika egitasmoetan, euskararen planetako langileen artean, milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aterako direla». Zeregin horretarako, erritmoak azkartzea eta aliantza estrategikoak egitea giltzarriak direla adierazi du.

Klika

KORRIKAren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo KORRIKAren arduradunak eman ditu azalpenak. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea». Hala dio 21. KORRIKAren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin. Konpromisoak hartzeko garaia dela esan du Amondok.Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenak ere, Klika egin zuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan… Horrexegatik eta Txillardegik Euskara Batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik erabaki dute AEK-k eta KORRIKAk Txillardegi omentzea 21. edizio honetan.

Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea

Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.

Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrika hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.

Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.

Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.

Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude