Gaztetxulo 2021/01/05
Historia egin duten Euskal Herriko emakumeak bildu dituzte web gune batean.
Orain arte ikusezinak izan diren Euskal Herriko emakume esanguratsuak bildu dituzte bestekaleak.eus webgunean.
Garenaz hausnartu ahal izateko, ginena ezagutu behar dugu lehenbizi. Ariketa zaila, ordea historia egin dutenen erdiak garaiko liburu, aldizkari eta egunkarietatik at daudenean. Emakumeak falta zaizkigu historia liburuetan, Wikipedian, zientzia aldizkarietan eta filmetako protagonisten artean baina emakumeek egindako ekarpen horiek bistaratzea guztion betebeharra da. Gaiaren gainean daukagun erantzukizuna praktikara ekarri nahi izan dugu, eta dagoeneko zendutako Euskal Herriko 50 emakume esanguratsu baino gehiagoren ekarpenak jaso ditugu.
Horrela azaltzen dute proiektu interesgarri hau webgunean bertan. Ikusi historia egin duten emakumeak atalean guztiak azaltzen dira alfabetikoki ordenatuak. Behin emakume ekintzaileren baten gainean klik egin ez gero, bere biografia eta ekarpenak azaltzen dira. Horretaz gaindi, Euskal Herriko mapa bat ere bistaratu daiteke, erakutsiz gure herriko kaleren batek emakume horren izenik baduen ala ez, eta baldin badu non dagoen. Horretaz gain, edozein emakumeren fitxa pdf formatuan ere deskargatzeko aukera ematen du.
Badu ordea, emakume hauek bilatzeko beste modu bat ere webgunean: zure ingurukoak ezagutu. Geokokapena baimentzen badiogu gu bizi garen inguruan egon diren emakume esanguratsuak azalduko dizkigu. Euskal Herriko mapa batean, gainera, genero femeninoaren sinboloarekin markatuak. Aukera polita da, ezkutuan egon diren norbere inguruko historia ezagutzeko.