Kosta gabea ez da izan, baina hemen dituzue gure ikastaroan aukeratu ditugun euskaldun arketipoak.
Maialen Lujanbio bertsolaritzan ematen duen mailagatik, bertsolaritzaren muturra urrutiago eramateagatik, eta askorentzat eredu izateagatik aukeratu dugu; Iñaki Perurena, ostera, bertako kirol bat mundura zabaltzeagatik, bere kirola zentzuz profesionalizatzeagatik eta estiloa helburuen gainetik jartzeagatik.
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, Gipuzkoa, 1976ko azaroaren 26a).
Arte ederretan lizentziaduna. Bertsolaria afizioz eta ofizioz.
Bertsotan ikastolako bertso-eskolan hasi zen. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen urteetan, eta haien bidez murgildu zen pixkanaka bertso-munduan. 15 urterekin ekin zion plazaz-plazako ibiliari, bere belaunaldiko beste zenbait bertsolari gazterekin bateratsu.
2003. urtean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen eta lautan lortu du Txapelketa Nagusiko azken saiorako sailkatzea, 1997an, 2001ean (urte horretan txapeldunorde izan zen) eta 2005ean. Euskal Herriko bertsolari txapelduna da bi ediziotan (2009, 2013).
Bere bat-bateko bertsokera landu eta garatzeaz gainera, bertsotik abiatutako bestelako sorkuntza ariketak ere abiatu izan ditu Maialen Lujanbiok: 2006tik 2011ra Ornitorrinkus proiektua ondu zuen Judith Montero eta Xabier Erkiziarekin. Musika esperimentala, hotsak eta hitzak bat eginez, “Ornitorrinkus” diska-liburua eman zuten argitara. 2011n “Txori Mugariak” irrati performancea sortu zuen Xabier Erkiziarekin; eta 2013ko udan, “Hegi, Egia, Egiak” proiektua aurkeztu zuten Erkizia eta Lujanbiok.
Letren bueltan bizi da Maialen Lujanbio. Bat-bateko bertsogintza landuz nagusiki, letra idatzietan ere bai tarteka, eta hitzetatik abiatutako bestelako sorkuntza saiakeratan murgilduta.
Iñaki Perurena Gartziarena (Leitza, Nafarroa, 1956ko irailaren 26a).
Nafar harri-jasotzailea da, historiako handienetakoa. Horrezaz gainera, aktore, olerkari, bertsolari, eskultore eta historiazalea ere da.
Aizkoran ere hasi zen, eta 16 urterekin gazte mailako txapela irabazi zuen. Hogei urte inguru zituela, harri-jasotze apustuak alde batera utzi zituen, “kirola apustua baino nahiago zuelako“. Handik aurrera, harri handiekin markak egiten jardun zuen.Erakustaldiak ere, ugari egin ditu, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo (Japonian eta Estatu Batuetan, esate baterako)
Hizlari aparta izanik, lan handia egin du harriaren mundua ezagutarazten. Asmo horrekin, 2009an Leitzako Gorrittenea baserrian, Peru Harri museoa, harriari, herri kirolari eta Euskal Herriko kultura eta historiari eskainitako museoa ireki zuen.
1999an Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina eman zion. 2011n Lizarrako Irujo Etxea Elkarteak emandako Manuel Irujo saria jaso zuen. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Inaxio semea ere harri-jasotzailea da.
Ados nago!
Beste askoren artean adibide onak dira. Euskal Herrian ditugun euskaldun famatuetaz arro nago!