Errigorak urtero bezala, bere bigarren kanpaina abiatu du. Gabonetan “Euskarari puzka!” kanpaina egin zuten; kanpaina horretan Nafarroako produktuez osatutako saskiak saldu zituzten eta irabazien %25 Nafarroako Erriberako euskalgintzari eman zioten. Guztira, 200.000 euro inguru lortu zituzten Nafarroako euskalgintza hauspotzeko.
Orain bigarren kanpaina etorri zaigu, udaberrikoa, bertan ez dute saskirik eskaintzen; oraingoan Nafarroako produktu-sortak erostera gonbidatzen gaituzte: oliba olioa, dilistak, txitxirioak, arroza, piper-poteak, ardoa, zainzuriak, orburuak, menestra, tomate poteak,…
Errigorak 2013tik hona bere balioak zabaldu ditu kanpaina arrakastatsuen bidez, bere balioak hauek dira: euskara, elikadura burujabetza eta bertakotasuna, auzolana eta Nafarroako nekazariekin harremana. Balio horiek zelan gauzatzen diren jakin nahi baduzue, hemen sakatu.
Kanpaina honetan Nafarroako hegoaldeko nekazarien produktu hauek eskaintzen dizkigute, loteetan, prezio ezin hobean. Eskaera egin eta banaketa-gunea aukeratu behar duzu. Euskal Herrian bizi bazara, arazorik ez duzu izango etxetik gertu banaketa-gune bat bilatzeko; ordainketa eskaera egiten duzunean ala jasotakoan.
Beraz, ez galdu denbora eta zure despentsa betez, euskarari, Nafarroako nekazariei, auzolanari eta elikadura subiranotasunari lagundu.
Kanpainaren inguruko zalantzarik baduzue, galdetu zuen irakasleei eta lagunduko dizuete; izan ere, AEK ERRIGORAren sustatzaile nagusietako bat izan da hasieratik. Ondo izan eta on egin!

Comments