Bukatu da udaberria eta udan sartu gara; solstizioak hori adierazten du. Euskal Herri osoan piztuko diren suek sasoi berriaren etorrera iragarriko dute; urteko egun luzeena eta gau motzena izango dugu.
Udako solstizioa edo San Joan eguna? Zer da Euskal Herrian ospatzen dena? Sua, ura eta landareekin lotutako festa paganoa da. Ohitura paganoak dira, baina kristautasunak bere egin zituen, eta guregana kristautasun bezala etorri dira. Beraz, oinarrian, «zainez», paganoak dira.
Sua da protagonista nagusi Euskal Herria guztian leku gehienetan; bere inguruan bilduko gara dantzan sorginek egiten zuten moduan. Egun bada ikasturtea bukatu dela ospatu eta apunteak bertan erretzen duenik ere. Haren gainetik salto egitea ere ohikoa da, ongi pasatzeko zein espiritu txarrak uxatzeko; suak purifikatu egiten baitu, eta ez, soilik, gorputzak. Senperen, adibidez, ogia, belarrak eta eguzki loreak pasatzen dituzte suaren gainetik, espiritu gaiztoak urrunduko dituztelakoan.
Sua piztea ez da ohitura bakarra; ura, landareak eta suaren ingurukoak ere badira. Suaren ohiturari herri gehienetan eutsi zaio, baina beste tradizio batzuk galdu edo bidean dira. Landare eta urari dagozkienak, esaterako. Landareen artean, zuhaitzek garrantzia berezia dute sasoi honetan. Agurainen eta Arrasaten, adibidez, makala landatu egiten dute udaren etorrera ospatzeko. Aguraingo gazteak dantzan eta kantuan ibiltzen dira zuhaitzaren inguruan, eta ondoren, enborrean gora egiten saiatzen dira. Arrasateko gazteak ere saiatuko dira makala igotzen. Urrestillan antzeko tradizioari eutsi diote: San Joan arbola altxatuko dute, soka eta eskaileren laguntzarekin. Altxatze horrek iragarriko du festaren hasiera, eta lurperatzeak bukaera.
Bestelako ohiturak ere badira. Adibidez, etxeetako atariak dotoretzeko. Donibane Garazin gurutze formako landareak jartzen dituzte atarietan. Antzeko errituak egiten dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait baserritan.
Paganoak dira urarekin lotura duten tradizioak ere. Esate baterako, egun horretan uretan bustitzen dena urte osoan osasuntsu izango da.
Hamaika ohitura daude, eta herriz herri errepikatu egiten dira hiru elementuak agertzen dira: ura, landareak eta sua. Horiek ospatzeko, berriz, dantza eta kantua. Halere, egun, suak batzen ditu Euskal Herriko herri gehienak. Surik pizten ez den baserrietan sugea sartuko denaren ustea bada, eta, ondorioz, uzta txarra izango dela. Sua piztu, inguratu, eta espiritu txarrak kanporatu. Uzta ona eskatzeko ere balio du. Hori egiten dute Urdiainen. Suaren inguruan biltzen dira bi gona jantzirik daramaten emakumeak. Haietako bat buruan dutela eta eskutik harturik, suaren inguruan borobila sortzen dute. San Joango kanta abesten dute aho batez. Erlijiosoa eta paganoa gurutzaturik berriz ere. Eta eskari argi batekin bukatzen dute: «Orain arte belar, hemendik aurrera gari».
Berezia izaten da bai, gau hau. Eta zer esanik ez suaren inguruan biltzen garenontzat.
- Zure herrian nola egiten da San Joan sua? Zer botatzen duzue sutara?
- Abestirik badakizue? Zein? Kantatu. Beste abesti edo esaeraren bat ikas dezakegu.
Comments