Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. AEK-k antolatzen du. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrikak. Euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. 20 Korrika eta 39 urte igaro dira.
2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 21. aldiz. Garesen hasi eta Gasteizen amaituko da. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Txilardegi omenduko dugu aurtengo edizioan. Larunbatean ekitaldia egingo da Donostian eta gonbidatuak zaudete guztiak. Aurrez izena eman behar da.
Erritmoa ibilbide guztian zehar Korrika kantak jarriko du. Zabaldu nahi dugun mezuaren oinarri hauxe.
Korrikan parte hartu eta laguntzeko modu ezberdinak daude. Beraz, animatu!
Informazio eguneratua uneoro korrikaren atarian topatuko duzue. E-uskaltegiaren orri nagusian jarri dugu sarbide zuzena. Jarraipena ere era batera edo bestera egin ahal duzue; facebook, twitter, telegram, youtube, flickr edo instagramen.
Euskal Herriak hartu du erabakia: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin!
Comments