Uztapide hiru urte jarraian Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun.

Manuel Olaizola Urbieta-Uztapide-bertsolari bikaina eta euskal idazlea izan zen. Debako Endoia auzoan jaio zen, Uztapide izeneko baserrian. Auzo hori Zestoa eta Debaren arteko mugan dago kokatua, Zestoatik Debatik baino gertuago. Horregatik, maiz, bertsolaria zestoartzat hartua izan da. 16 urte zituela, gurasoek Arabako Zurbao herrira bidali eta horri esker ikasi zuen erdaraz. 14 urtetatik etxez etxe ibili zen morroi, baita mendiko hainbat lanetan ere, harik eta azkenik, Donostiako Cervezas El León garagardo-lantegian finkatu zen arte. 1952an ezkondu eta Oiartzungo Ergoien auzoko Langantzerrene baserria hartu zuen bizileku.

Zazpi bat urterekin hasi zen bertso paperak buruz ikasten eta 16 bat urte zituenerako bertso zaharrez beteta zeukan burua. Bere lehen jendaurreko saioa Lasturren (Deba) egin zuen, 1935ean. Hurrengo urtean, hogeita sei urterekin, Bertsolari Txapelketa Nagusira aurkeztu eta bigarren gelditu zen, Txirritaren ondoren.

1936ko gerra bukatu eta gero, herriz herri saioak ematen ibili zen, ia beti Basarri lagun zuela. Gerraosteko garai latzen ondoren, 1959ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian hiru aldiz atera zen irabazle: 1962, 1965 eta 1967an. Andoni Egaña iritsi arte, hori lortu zuen bertsolari bakarra izan zen.

Gizon apala eta jatorra zen, lagunari ziria sartu eta bertsoari erantzuten aparta. Uztapidek zubi-lana egin zuen Gerraurreko tradizioaren eta bertsolari berrien artean. Manuel Lasarte, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Lazkao Txiki, Mattin, Xalbador, Jon Azpillaga eta Jon Lopategi, besteak beste, eduki zituen jarraitzaile eta saioetan lagun.

                        Argazkian, Basarri eta Uztapide.

64 urte zituela, Anoetako Atano III.a pilotalekuan bertso jaialdi baten erdian ondoezak eman zion eta mutu geratu zen. Handik aurrera, bertsoak idatzi egin zituen eta bi liburu mardul osatu.

1968an Donostian omenaldia egin zitzaion, eta geroztik urtero urtarrila bukaeran Bertsolari Eguna ospatu izan da, 1995etik aurrera Bertso Eguna izena hartu duena.

Hona hemen, Uztapide eta Lasarteren bertso batzuk, entzun, ea gustukoak dituzuen; esango diguzue iruzkina bidalita. On egin!

https://youtu.be/1IUGwpTCIf4

Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.