Jexux Arzallus bertsolari ezagunaren seme, eta Maddalen Arzallus bertsolariaren anaia. Donibane Lohizunen jaio zen, baina txikitatik Hendaian bizi da. Aitaren familiaren eraginez, txikitan hasi zen bertsotan, baita kirolean ere (futbola eta pilota ditu gustuko, besteak beste). Hendaia eta Kanboko ikastoletan eta Baionako lizeoan aritu ondoren kazetaritza ikasi zuen EHUn. Gaur egun Argia aldizkarian eta Euskadi Irratian kolaboratzen du, eta Hendaiako bertso eskolan aritzen da.
Bertsolaritzari dagokionez, lehen plaza Beasainen egin zuen, 1992ko Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan. Eskolarteko txapelketetan emaitza oparoak izan zituen.
Ordutik aurrera goren-goreneko mailan dabil. 2000ko Nafarroako txapelketan txapeldun izan zen. 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalera heldu zen. 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun orde izan zen, Maialen Lujanbioren ostean. 2013koan, berriz, txapelduna izan zen. Iparraldeko Xilaba Bertsulari Xapelketa ere irabazia du, 2008, 2010 eta 2012. urteetan.
Gaia: ” Egoerak beste aldean jarri zaitu”
Hauxe izan zen kartzelarako gaia: “Egoerak beste aldean jarri zaitu”. Jarraian entzungo dituzuenak, Ametsek gaiari erantzunez eraiki zituen bertsoak.
Entzun eta abesteko aukeraz gain, xehetasun gehiagoz bertsoak landu nahi izanez gero, hementxe dituzue guardia zibilaren larrutik eraikitako hitz horiek.
1
Andaluzian sortu nintzen ta
Rodriguez hiru abizen
ikasketetan nola eneukan
aski argi ta aski zen
hogei urte ta han hasi nintzen
Benemeritan zerbitzen
trafikoari paso emandak
goizetik gaur izerditzen
ta azkenean Donostiako
koartelera heldu nintzen
eta ordutik lana egin dut
Intxaurrondoak astintzen.
2
Nere izena gorroto duten
ez dakit zenbat familik
ez da izango Euskal Herrian
ikusi ez dudan mutilik
galdetzen nien: Hik ez ote duk
inoiz hil goardia zibilik
eta hil baduk zer sentitu duk
neure lankide bat hilik
galdera hauei erantzun arte
hor egongo haiz txintzilik
baina begiak zarratu eta
segitzen zuten ixilik.
3
Baina heldu da aro berria
nunbait bukatu da gerla
ene zain daude magistratuak
eta auzitegi-gela
bi ordu dira hontaz ta hartaz
galdezka ari direla
eta orain neu nago ixilik
lehen mutila haiek bezela
tokatuko zait itzal luzea
zulo bateko kartzela
baina espero dut presidenteak
indultatuko nauela.
Gozatu bada!!!
Comments