andoni-t-(r)en bidalketa guztiak

Bideo-laguntzak ikastaroari aurre egiteko

Aspaldi dugu E-uskaltegikoek kanala Youtuben. Urteen poderioz hirurehun bideo baino gehiago bildu ditugu bertan. Gehienak gure ikastaroetan erabiltzen ditugun baliabideen gaineko bideo-tutorial laburrak dira. Batzuk irakasleei zuzenduak, besteak, berriz, ikasleentzat.

Imajinatzen duzunez, hainbat denboran bideo hauetako asko zaharkituta geratu dira, beste batzuk, ordea, aproposak dira ikastaroa egiten ari zaren bitartean erabiltzeko. Horiek eskuratzeko modua errazteko kanala eguneratu berri dugu. Hemen duzu azalpen laburra:

Hori dela-eta, bi erreprodukzio zerrendetan bildu ditugu ikasleontzat erabilgarriak izan daitezkeenak:

  1. Moodle ikasleentzat.
  2. Gaitasun digitalak ikasleentzat. (Moodlez aparteko sareko tresna eta baliabideak erabiltzeko).

Hainbat galdera eta zalantza erantzuten laguntzeaz gain, agian, sekula egin ez zenuen zerbait egiteko modua topatuko duzu bideo-tutorial horietan: bideo bat editatu Openshot erabiliz, azpitituluak jarri Youtubeko bideoren bati…

Espero dugu aukeraketa erabilgarri gertatzea. Azkenik, bideo honetan duzue kanala erabiltzeko azalpena.

Oparitxo bat

Ez, ez gara gu ibili opariak biltzen. Azkue fundazioa izan da euskarazko interneteko baliabideak gune bakarrean bildu dituena. Sarea.eus du izena bilgune horrek eta hemen duzu aurkezpen zabalagoa. Hala eta guztiz ere opari ezin hobea iruditu zaigu. Beraz Eskerrik asko.

1000 baliabide baino gehiago bildu dituzte, eta askotarikoak dira, horregatik modu askotara bilaketak egiteko modua ematen du orrialdeak:

  • Baliabide mota: audioa, bideoa, webgunea, aplikazioa…
  • Sistema edo formatuaren araberakoa: Chrome, Firefox…
  • Gaiaren araberakoa: hedabideak, kultura, bizimodua…
  • Erabileraren araberakoa: gazteentzat, hiztegia, jokoa, tutoriala…

Beraz ez da zaila izango interesgarria gertatuko zaizun baliabideren bat topatzea. Helbide honetan duzu biltegia: https://sarea.eus