Negua joan da eta udaberrian sartu gara. Adituen kalkuluen arabera, 92 egun eta 18 ordu iraungo ditu aurtengoak; ekainaren 21ean sartuko gara udan.
Udaberriko ekinokzioa
Martxoaren 20-21ean izaten da ipar hemisferioan udaberriko ekinokzioa. Egun horretan, Lurraren errotazio-ardatza, ohiko moduan, albo batera orientatuta egoten da. Halere, Eguzkiaren eta bere arteko irudizko marrak zein ardatzak sortzen duten planoak 90 graduko angelua neurtzen du;. hau, Lurrak Eguzkiaren inguruan mugitzean osatzen duen planoarekiko. Ondorioz, egunak eta gauak 12na orduko iraupena dute planeta osoan.
Udaberriko ekinokzioaren aurretik, eguna gaua baino laburragoa izaten da Ipar hemisferioan eta, ondoren, eguna gaua baino luzeagoa izatera igarotzen da. Hego hemisferioan irailaren 21-22an gertatzen da.
Ordu aldaketa
Udaberrian sartu berri garen honetan, erlojuak udako ordutegira egokitzeko unea ere gertu dugu. Izan ere, ordulariak ordubete atzeratu beharko ditugu.
Apirilean sartuko gara laster.
Udaberrian sartu ostean, normalki, euria gehienok nahi duguna baino gehiagotan botatzen du. Aurten auskalo! Elurra ote? Aste Santuko oporrak ere izango ditugu… Euskarak bere inguruan zenbait esaera baditu. Ikusi, ikusi..
Ezagutzen dituzu apirilaren inguruko esaerak, euskaraz? Hona hemen, batzuk.
-Martxoa haizetsu, apiril euritsu, maiatza gero eguzkitsu.
-Apiril ona ezagutzeko ehun urte bizi beharko! Ehun da bat baditut eta ez dut onik ere ezagutu.
-Apiril, biribil, urdea txerri-tokian hil (Apirileko eguraldi txarragaitik).
-Apirila bero, negua gero.
-Apirila euritsu, urte hura ogitsu.
-Apirila haizetsuak nekazaria pozten du.
-Apirila hotz, miseria ogi-artoz.
-Apirila hotz? Ez gari ta ez agotz.
-Apirila joan eta maiatza gero, agoztegian agotza bego.
-Apirila joan ta maiatza gero, ganbara bazterrean agotza bero.
-Apirila on ikusi nahi duenak, ehun urtez behar du bizi.
-Apirilaren azkenean, hostoa haritz gainean.
-Apirilean euri aunitz.
-Apirilean euria goian-behean.
-Apirilean ihintza, ogi-urte.
-Apirilean inusturia jotzen badu, berri ona da.
-Apirileko egunak hiru aro.
-Apirileko euriak balio du ardi-arkina hoberena.
-Apirileko ziza, urrea baino hobea.
-Txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen.
Zer iruditu zaizue? Zein da gehien gustatzen zaizuena? Udaberriarekin lotutakorik ezagutzen duzue? Esango diguzue!
Comments