AEKn, urtean bitan, ekimen hori antolatzen dugu, eta, bertan, AEK-ko ikasleek beherapenak izaten dituzte euskarazko liburuetan eta beste zenbait argitalpenetan.
Azaro aldean, “negukoa”, abian dugu; beraz, gustuko ezer ikusiz gero, jadanik egin dezakezu eskaera e-euskaltegian. Dena den, ez itxaron gehiegi, eskaintza hilaren 29an amaituko da-eta.
Bi ohar garrantzitsu horretaz: 1) Eskaerak e-idazkaritza@aek.eus helbidera bidali behar dira, ordainagiriarekin batera; bestela, mintzatu irakaslearekin 2) Eskaintza AEK-ko ikasleek baino ezin dute egin.
Hemen ikus dezakezue katalogoa.
Harrapatu aukera! Izan ongi eta hurrengora arte!
Liburuak irakurriz eta irakurriz dena ikasten zela uste zen antzina. Gaur egun badakigu den-dena ez dagoela liburuetan; euskara ikasteko ere liburuak baino gauza gehiago behar ditugu, bai. Halere, liburuek hortxe jarraitzen dute eta, guzti-guztia ekarri ez arren, kontu ugari aurkituko dituzu.
Batzuek euskara ikasten lagunduko dizute: euskaraz idatzitako istorioek, historiak eta poemek. Horietan, benetako eta fikziozko euskaldunak zuri mintzatuko zaizkizu liburuetako hitzen bidez, eta irakurriko dituzu hainbat izen, aditz, berba, pasarte eta paragrafo zuretzat patxadaz prestatuak, patxadaz irakur ditzazun.
Beste batzuek, berriz, euskara ikasten ari zarela ahantzaraziko dizute. Ezagutuko dituzu lekuak, pertsonak, istorioak eta sentimenduak: poza, beldurra, barrea, harridura… Murgilduko zara letren itsaso batean, eta hantxe gozatuz euskara ikasiko duzu euskara ikasten ari zarela ahaztuta.
Comments