Beste albiste batekin gatoz. Urtean bitan, AEKk “irakurle kanpaina” izeneko egitasmo abian jartzen du, eta AEKko ikasleek beherapenak izaten dituzte
euskarazko liburuetan eta beste zenbait argitalpenetan. Orain, 2024-2025ko ikasturteko lehen kanpaina abian da. Hemen duzu katalogoa.
Zerbait eskuratu nahi baduzu, jo ezazu zure irakaslearengana; adi, azaroaren 22an amaituko da. Eskaerak nahiz ordainketak epea amaitu aurretik egin behar dira.
Eskerrik asko eta laster arte
Liburuak irakurriz eta irakurriz dena ikasten zela uste zen antzina. Gaur egun badakigu den-dena ez dagoela liburuetan; euskara ikasteko ere liburuak baino gauza gehiago behar ditugu, bai. Halere, liburuek hortxe jarraitzen dute eta, guzti-guztia ekarri ez arren, kontu ugari aurkituko dituzu.
Batzuek euskara ikasten lagunduko dizute: euskaraz idatzitako istorioek, historiak eta poemek. Horietan, benetako eta fikziozko euskaldunak zuri mintzatuko zaizkizu liburuetako hitzen bidez, eta irakurriko dituzu hainbat izen, aditz, berba, pasarte eta paragrafo zuretzat patxadaz prestatuak, patxadaz irakur ditzazun.
Beste batzuek, berriz, euskara ikasten ari zarela ahantzaraziko dizute. Ezagutuko dituzu lekuak, pertsonak, istorioak eta sentimenduak: poza, beldurra, barrea, harridura… Murgilduko zara letren itsaso batean, eta hantxe gozatuz euskara ikasiko duzu euskara ikasten ari zarela ahaztuta.
Comments